XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1.1.2. KPIa

KPIren (Kontsumorako Prezioen Indizearen) kalkulua, IPC ospetsua, Estatistika Institutu Nazionalak egiten duen lanetako bat da; indize honek geure soldatan eragin zuzena du.

Bere kalkulurako jarraitzen den metodoa honakoa da: lehenik, jendeak dirua zertan gastatzen duen aztertzen da. Familia arrunt batek dituen gastuak eta pertsona arrunt batek dituenak aztertzen dira,... eta honi Erosketetako Saskia deritzo. Behin Saski hau zein den erabaki ezkero, erraza da Saskiak hilabete honetan balio duena eta aurrekoan balio zuenaren arteko diferentzia lortzea.

Halere, bi oztopo sortzen dira erraz:

1 - Guztiek ez dute gauza berean gastatzen dirua.

Hau da, barazkijaleari ez zaio haragiaren igoera axola, ezta zigarrorik erretzen ez duenari tabakoarena ere (baina bikotekideak erretzen badu?)...

Arazo hau gainditzeko, familietako 1990-91ko aurrekontuetan oinarrituz, Espainiako familia arrunt batek kontsumitzen dituen ondasun-multzo adierazgarrienen 471 artikuluren zerrenda lortu zen.

Artikulu-zerrenda oso luzea da eta kategoria desberdinetan sailkatzen da.

Kategorietako bat Elikadura da eta bestea Medikuntza.

Baina noski! jendeak ez du jakietan, medikutan gastatzen duen diru-kopuru berdina xahutzen, eta gertaera hau ere kontuan izaten da, kategoria bakoitzari gastuen totalari dagokion partehartzearen portzentaia edo pisua gehituz. Emaitza honakoa da:

Espainiako familia arrunt batek (Zer da, ordea, Espainiako familia arrunta?), bere dirua kategoria hauetan gastatzen du, ondoren adierazten den portzentaian:

Elikadura, edariak eta tabakoa % 29,36

Garraioa eta komunikazioak % 16,54

Jantzi eta oinetakoak % 11,48

Etxebizitza, berokuntza eta ura % 10,28

Aisia, irakaskuntza eta kultura % 7,27

Tresneria eta etxerako zerbitzuak % 6,68

Medikuntza eta osasuna % 3,13

Beste ondasun eta zerbitzuak % 5,26

Horrela, batezbeste, jendeak, Elikadura, edariak eta tabakoaren kategorian eta ura-ren kategorian baino 3 aldiz gehiago gastatzen duela ikus daiteke; medikuntza eta osasunean aisia, irakaskuntza, kultura eta abarrean gastatzen denaren erdia baino gutxiago...

Hau noski orokorrean da! Edo bestela esan diezadatela niri; oraintxe Donostian etxe bat erosi dut, eta Kutxak hilero kentzen didan portzentaia %10 horren oso goitik baitago! Espero dezagun bizi osoan horrela ez izatea!

Bestetik, kalkulu hauek 1991.ean egin ziren eta orokorrean berehala desfasatuak geratzen dira.

Hemendik bi urte barru beste bat egitea espero da, non urte hauetako desbideratze txikiak zuzenduta azalduko diren.

Edonola ere, beti gogoan izan behar dugu batezbesteko kontsumoaz ari garela.

Hau azterketa estatistiko gehienen ezaugarri garrantzitsu bat da, ez da kasu zehatzez hitz egiten, talde orokorrez baizik.

Baina adibide honetan, beste arazo txiki bat ere badugu.